XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Halaber, Fermín Herrán Gasteizen 1878an sortu Revista de las Provincias Euskaras; Revue des Basses Pyrennées et des Landes izenburukoa, Abbadiek bultzatua eta Ferdinand Lesseps abiarazia 1883an Parisen eta Vicente Aranak 1885ean sortu Revista de Vizcaya delakoa, XIX. mendeko Kultura Berpizkundeak suposatu zuenaren erakusgarri dira.

Hasteko, Asociación Euskara de Navarra-ko bazkide izateko Nafarroan edo euskal probintzietan sortua edo, Euskal Herritik kanpo sortua izan arren, euskal-nafarren umea izan beharra zen, baina berehala zabaldu zitzaien bazkide-izaera Iparraldean sorturikoei, nahiz eta lurralde hartako bazkideen kopurua oso urria gertatu, kasik Asociación berak Ohorezko Bazkide izendatu zutenei mugatua.

Ohorezko Bazkideen lehen zerrendan (16 guztira), Abbadie aurkitzen da, Belsunze Bizkondearekin batera, biok Iparraldeko ordezkari bakarrak direlarik 46 AGN Asociación Euskara de Navarra-ren Akta Liburua, 1877ko Azaroaren 15eko Batzarrea. 1878ko Martxoaren 10eko Batzar Nagusian Abbadieren gutun bat irakurri zen; bertan euskal herri osoa batzeko gogoa adierazten zuen eta, hortaz, Lore Jokoak Nafarroako Mendialdean egitea pentsatua zuela. Gutun hartan, halaber, Duvoisin eta Intxauspe proposatzen zituen ohorezko bazkidetzat: horiek biak dira, berarekin batera, Iparraldeko euskaltzaletasunaren muina, ikusten ari garenez.

Batzar Nagusiak erabakitzen du aztertzea, Abbadie jakinaren gainean jartzeko, zein herri den edo diren egokienak Jaiak ospatzeko 47 Ibid. 1878ko Martxoaren 10eko Batzar Nagusia. Duvoisin geraezinak, ohorezko bazkide jadanik, Asociación-era idatzi zuen Iparraldean bazkideak egiteko ideiak ekarriz 48 Ibid. 1878ko Apirilaren 8ko Batzar Nagusia. Elkarteak batzorde bat izendatu zuen, Salvador Castilla lehendakariak eta Campión eta Iñarra jaunek osatua, Abbadierekin harremanetan jartzeko eta Jaiak antolatzeko.

Mugaren alde bietako euskaltzaleen arteko harremanak dagoeneko gertakariak dira, aldi berriaren ezaugarriak, eta horren aitzindariak Bonaparteren lankide taldea, Asociación Euskara de Navarra eta Antoine d'Abbadie aitzindariak izan ziren.

Euskaroek beren Revista Euskara-ko aleak bidaltzen dizkiote Duvoisini Iparraldean bazkideak egiten saia dadin eta aldizkariak bere lehen Liburuan (1878) Iparraldeko lehiaketetan saritu poesiak argitaratzen ditu, Abbadiek bidaliak, bai eta Duvoisinek bildutako atsotitzak eta euskal ortografiari buruzko artikulu txiki bat, Jean d'Olabiñarreren artikulu historikoa eta Cerquand 4 liburukitan argitaratzen ari zen bildumako bi euskal tradizio.

Elizondon ospatu ziren Jaien antolakuntzak harreman ugari eskatu zuen AEN, Abbadie eta Duvoisinen artean; bai Duvoisinen gutunetan eta bai elkartearen bileretako aktetan jarrai daiteke bide luze hau. Elizondoko programak zenbait berrikuntza aurkezten zuen Iparraldean ordura arte egindakoarekin konparatuz gero, literatur lehiaketa eta pilota partidetara mugatuak. Elizondon, haiei beste hauek gehitu zitzaizkien: danborjoleen saria, behirik ederrenarentzako saria eta 40 pezeta aizkora erabiltzen trebetasun handiena erakutsiko duenari, hartarako jarriko diren zuhaitz enborrak moztuz. Aizkolari dema hau guztiz berria da Iparraldeko euskaldunentzat.